lunes, 22 de mayo de 2017

10 Argazki

10 ARGAZKIAK



Argazki hau irakasle batek atera zidan lo negoen bitartean. Egun horretan Arboledara joan ginen eta egun neketsu baten ondoren ohera joan ginen. Egia esan, lo egitea zaila egin zitzaidan, izan ere nire etxetik kanpo lo egiten nuen lehendabiziko aldia zen. Hori dela eta oso urduri nengoen baina azkenean nekearen eraginez lo hartu nuen. Lo geunden bitartean, irakasleak, nesken gelan sartu zen eta denoi argazkiak atera zizkigun., baina mutilei ez. Gainera, ondoren gela guztiaren aurrean erakutsi zituen argazki hauek pantaila batean., horren aurrean asko lotsatu ginen. 





Argazki honetan, 3 urte nituen eta danborrada eguna zen. Eskolara joan nintzenean oso gustura nengoen, nahiz eta pixkat bat urduri negon, guretzat oso egun garrantzitsua izaten baita. Oso gustura nengoen musikaren doinuarekin mugituz. Baina buruko mina eta beroa neukan, orduan jendearen artean nire ama eta nire izebak ikusi nituenean negarrez hasi nintzen. Eta nire amarengana joan nintzen arte ez nuen negar egiteari utzi. Baina nire amarengana joan nintzenean, nere ama konturatu zen sukarra nuela eta horregatik hasi nintzela negar egiten. Orduan amak irakasleari esan zion erdi gaixorik negoela eta etxera eraman zidan.


Argazki honetan, nire eskolako amantala ageri da. Honek oroitzapen ugari ekartzen dizkit baina batiz bat inoiz ez zaidan ahaztuko bat. 3 urte nituela, nire gelako lagun batekin jolasten ari nintzen. Ni ama nintzen eta bera nire haurra. Besoetan hartu nuen eta ibiltzen hasi nintzen. Baina estropuz egin eta biak batera erori egIn ginen, baina nik mahiaren ertza jo nuen buruarekin. Kopeta ireki nuen eta irakasleak anbulatoriora eraman zidan, bertan lau puntu eman zizkidaten. Nire ama eskolara joan zenean nire bila ni ez nengoen bertan eta gainera odolez beteta zegoen nire amantala eman zion beste irakasleak. Amantal hau ikusita, oroitzapen horrekin gogoratu naiz eta orain pentsatzen hasita konturatu naiz txiki txikitatik umeekin erlazionatzea asko gustatu zaidala. Eta emendik aurrera amantala janztea gustatuko zitzaidala baina irakasle moduan.




Argazki hau atera genuen egunean oso egun berezia izan zen guretzat. Aste osoa dantza ikasten egon ondoren Zaharren Egoitzara joan ginen hauei dantza egitera. Dantza egiteko, denok Errealeko kamiseta edo jertsea jantzi genuen. Dantza egiteko orduan, oso gustora egon ginen bai gu haurrok bai eta guri begira zeuden pertsona helduak. Gainera dantza egiteko, musika tresnak eta errealeko banderak ere erabili genitue. Oso esperientzia polita izan zen eta barnean zerbait berezia sortu zitzaidan emanaldi hau egin ondoren eta bertako aitona-amonen aurpegia ikustean. Honek esperientzia berri bat ekarri zidan eta gainera hauekin genuen erlazioa handitu genuen. Izan ere nire eskola eta Zaharren Egoitza elkarrengandik oso hurbil daude eta albotik pasatu behar da. Hasiera batean batzuetan beldurra ematen zidan. Baina emanaldi hau egin ondoren oso gustura igarotzen nintzen hauei kasu egiten.


Argazki hau nire eskolako lehen ikasturtean izan zen. Eskolako zaindariaren egunean hain zuzen. Bertan, elizkizun txiki bat izan genuen eta loreak jarri genizkion amabirjinari. Ondoren, ikasle bakoitzari lepoko bat eman ziguten bertako zaindariaren irudiarekin. Nik lepoko hau oso gustura hartu nuen, izan ere, banekien nire amonari asko gustatzen zitzaiola. Eta etxera joan nintzenean poz-pozik amonari lepokoa oparitzea. Baina, gelakoen artean argazkia ateratzeko orduan haserretu egin nintzen irakaslearekin ez nuelako nahi ertz batean jarri eta gainera argazkilariak beldurra ematen zidan. Horregatik ageri naiz argazki honetan pixka bat triste.



Nire ikastetxean, urte guztietan, gabonetako oporrak hartu baino lehenago jaialdi bat egiten da. Niri urte honetan, aingeruarena egitea egokitu zitzaidan. Gogoratzen naiz, oso urduri negoela, jaialdi hau ikustera jende ugari joaten delako eta dena ongi ateratzea nahi nuelako. Nahiz eta eskolan dantza praktikatu, etxean egun guztia hau praktikatzen igarotzen nuen nire ama eta nire aitona aspertu arte. Eguna iritsi zenean eta irakasleekin elkartu ginenean hauek asko lasaitu ziguten esanez dena oso ongi aterako zela. Ni oso gustura negoen nire aingeru jantziarekin eta azkenean dena oso ongi atera zitzaigun. 




Argazki honetan eskolan bizi izan dudan momenturik onenetako bat ageri da. San Sebastian bezpera zen eta eskolan danborrada izan genuen. Nola hiru taldetan banatutan geunden, gela bakoitzetik kantinera bat aukeratu zuten eta nire gelan niri okatu zidaten. Ni gelan saltoka hasi nintzen, txikitatik nahi nuelako kantinera atera eta Azpeitian oso egun garrantzitsua baita guretzat. Bandera berriz, txandakatzen joan ginen, hau da bakoitzak tarte bat izan zuen. Niri, ikastetxeko balkoira banderarekin igotzea egokitu zitzaidan. Benetan oso esperientzia polita izan zen eta oso berezia.



Argazki hau inauterietan atera ziguten, baina argazki honetan irakasleari buruz hitz egingo dut. Irakasle honekin nahiko gustura ibili nintzen, baina urte batzuk gehiago egin nituenean amak behin esan zidan irakasle honek esan ziola gaizki abesten nuela. Hori esan zidanean, asko haserretu nintzen, izan ere banekien ez nintzela izango abeslari ospetsu bat baina irakasle batek 3 urteko haur batek gaizki abesten duela esatea ez zitzaidan batere gustatu. Egun horretatik aurrera beste modu batean begiratzen diot. Eta orain berarekin ditudan oroitzapen gehienak ez dira oso onak. 



Ikastolatik, Hondarrabira bidaian joan ginenean atera nuen argazki hau. Gogoratzen naiz, iluntzea iritsi ginenean jolas beldurgarri batean jolastu ginela. Bertan gurekin zeuden hiru irakasle eta hiru ikaslek hartu zuten parte. Beraiek, lan egiten zuten etxeko jabearen hilketaren susmagarriak ziren eta guk beraiei galderak eginez asmatu behar genuen nork hil zuen jabea. Azkenean ez genuen asmatu zein zen hiltzailea, eman zituzten argumentuek guri nahastea lortu zigutelako, eta gainera bi pertsonen artean hil zutelako etxeko jabea. Bukatu ondoren, ohera joan ginen baino lo egiterako orduan beldurra nuen, izan ere istorioan kontatutako gauza batzuek beldurra ematen zidaten eta kanpoko argiek ez zidaten batere lagundu.


Argazki hau, Lizarran atera genuen LH 5-en eskolako bidaia egin gnuenean. Nirekin dagoen neska, orain nire lagunik onena da. Argazki hau ikustean, beti gogoratzen naiz eskolan hasi ginen lehen egunetan negarrez jarduten zuela amarekin egotea nahi zuelako. Ni orduan berarengana joaten nintzen jolastera negar egiteari uzteko, ez zitzaidalako eta ez zaidalako jendea triste ikustea gustatzen, baina bai jendeari laguntzea. Beti iruditu izan zait pertsona oso jator bat. Baina maila honetan gure harremana asko indartu zen eta argazki honetan nabari da oso elkartuak garela. Une horretatik aurrera, banaezinak egin gara eta elkarri asko lagundu diogu, bai eskolan bai eta kalean ere. Egia esan eskolak eman didan oparirik onena da eta nahiko desberdinak izan arren horrek elkartzen gaituela uste dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario